XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XLIX

Gure kanpo-hautemapenei, gugandik kanpora ere zerbait errealak erantzuten diela, eta are erantzun behar diela, hori ere ezin da inola ere frogatu berbaitango gauzen konexio bezala, baina ederki froga daiteke esperientzia dela bide.

Hara zer esan nahi duen horrek: alegia ederki demostra daitekeen gauza dela, ezen badela zerbait enpirikoa, eta, beraz, espazioango fenomeno bezala gugandik kanpora dagoena;

ba esperientzia posible batekoak ez diren objektuekin guk ez daukagu inolako zerikusirik, eta eduki ere ez daukagu hain zuzen, horiek inolako esperientziatan aurkitu ezin ditugulako, eta guretzat ezer ez direlako.

Enpirikoa da nigandik kanpora espazioan begiesten dena, eta nola hau, bertan aurkitzen diren fenomeno guztiekin, errepresentazioei apartenitzen zaiena den, zeintzuen konexioak, esperientziako legeen arabera, demostratzen baitu hala bere egia objektiboa nola barne-sentimenen konexioak demostratzen duen nire arimaren errealitatea (barne-sentimenaren objektu bezala), orduan konturatzen naiz, kanpo-esperientziaren bitartez, bai gorputzen errealitateaz, gorputzok espazioan kanpo-fenomeno direnez, eta bai barne-esperientziaren bitartez, nire arimak denboran duen existentziaz;

arima hau ere, berriz, barne-sentimenaren objektu bezala bakarrik arrezagut dezaket nik, barne-egoera bat osatzen duten fenomenoen bidez, baina fenomeno horien oinarrian dagoen berbaitango izakia, hori ez dut ezagutzen nik.

Beraz, idealismo kartesianoak kanpo-esperientzia soilik bereizten du ametsetatik, eta legezkotasuna, esperientzia horren egiaren irizpide bezala, ametsaren lege-faltatik eta itxura faltsutik.